Zamaontziek, hurrenez hurren 6.000 eta 9.100 tonakoak, bere flota deskarbonizatzen lagunduko diote Grona Shippingi, eta Ipar Itsasoan eta Itsaso Baltikoan jarduteko asmatu dira.
Senerrek karbonoa atzitzeko sistemez hornituta dauden eta ur izoztuetan jarduteko ahalmena duten bi itsasontzi berriren ingeniaritza kontzeptual eta oinarrizkoa garatu du Grona Shipment alemaniar itsasontzi-enpresarentzat. Zama orokorreko bi itsasontzi dira, hurrenez hurren 6.000 eta 9.100 tonakoak.
Bi itsasontziek gas natural likidotua (GNL) erabiltzen duen propultsio-sistema bat dute, eta CO2 atzitzeko sistemak ere dituzte txertatuta; berauek GNLaren tankeen gainean egon daitezke kokatuta, edo tanke estrukturalak izan (bi zama-sotoen artean). Sistema horiek teknologia berritzaile bat dira, eta haien helburua da Nazioarteko Itsas Erakundeak (NIE) eta Europar Batasunak (EB) planteatutako deskarbonizazio-helburuak armadoreei betetzen laguntzea, euren itsasontzien propultsio-sistemak ordezteko beharra murriztuz. Orobat, Senerrek asmatutako diseinuak itsasontziek aurrera egiteko aurkitzen duten erresistentzia murrizten lagunduko duten forma optimizatuak aurreikusten ditu, haien jokabidea itsasaldian hobetuz.
Grona Shipment operadore jasangarria izateko bokazioa duen itsasontzi-enpresa bat da, besteak beste Ipar Itsasoan eta Itsaso Baltikoan jarduten duena; itsasontzi horiek bertan arituko lirateke. Itsasontzi horiek eskuratuta, aurrera egingo du ingurumen-inpaktu txikiko flota bat garatzeko eginkizunean, bere bezeroei euren negozia garatzen eta itsas ingurunea babesten lagunduz.
Diseinua egin ahal izan da Senerrek itsas sektorean hainbat hamarkadaz izandako esperientziaren ostean eskuratutako ezagutzari esker; izan ere, sasoi horretan ingeniaritza kontzeptualeko, oinarrizko eta xehetasuneko zerbitzuak eskaini ditu, eta bideragarritasun-azterlanak eta aholkularitza-lanak egin ditu, besteak beste eremu hauetan: digitalizazioa, erregai alternatiboen eta bioerregaien erabilera, isurketak garbitzeko teknologiak eta ekonomia zirkularra.
Senerrek teknologia berritzaileak garatzen ditu, sektoreak eredu jasangarriago baterantz egin behar duen trantsizioa erraztuz. Alde horretatik, Senerreko Itsasontzigintza zuzendari Roberto Fernándezek dioenez, “itsas sektorea deskarbonizatzea helburu garrantzitsu bat da, industria horretarako ez ezik ekonomia osorako ere. Deskarbonizazio hori hazkunde eta berrikuntzarako palanka bat izan daiteke, erronkak proposatuz eta erronka horiek teknologiaren bidez gaindituz, sektorea maila berri batera eramateko. Atsegina da guretzat Grona Shipmenten ondoan egotea bere flotaren isurketak murriztera zuzendutako bide horretan”.